Altxor preziatua ezkutatzen da letretan, silabetan, berbetan, hiztegietan. Denon aurrean eta aldi berean isil-gordean, aurreiritzirik gabeko begirada bat behar da-eta hitzetan esanahitik haragoko mundu miragarria aurkitzeko. Aliziaren antzera ispiluaren hitzen bestaldera igarotzen garenean, dena da miresgarri, dena da ustekabeko, dena da sormen eragile.Hitz gozoak, hitz merkeak, hitz erdiak, hitz bitxiak, hitz gaiztoak, hitz lehorrak, hitz neurtuak, hitz aspertuak, hitz mutuak, hitz jarioak eta hitz jokoak Liburu hitzugarria.
Bi aditzek ematen digute liburu honetako jardunaren gakoa: hizkuntzaz gozatu, hizkuntzaz jabetu. Bi aditz horiek elkartuta, jolasa eta autoerreferentzia jartzen zaizkigu, biak ala biak, agerian, hemen azaltzen eta sailkatzen diren adierazpen ludiko guztien abiapuntuan hizkuntzaren gaineko gogoeta dagoelako. Kontzienteki askotan, ohartu gabe beste batzuetan, darabilgun hizkuntzaren nondik norakoak zalantzan jartzera eta birpentsatzera bultzatzen gaituzte ariketa hauek, hitzen beste aldean hitzen honako aldean, akaso dagoen mundua ikusarazten baitigute.Horretarako, jokalariak ez ezik, esploratzaileak behar ditugu hizkuntz zelaian, hitzen, esaldien, arauen iturburuetara joan, haietan barneratu, aurkitutakoa apurtu, aztertu eta berregin, eta, azkenik, sortzeko kemena eta trebetasuna duten esploratzaileak: hizkuntza jolasgai bihurtzeko.