Jon Maia bertsolari, kantari eta idazleak 200 kantu inguru idatzi ditu 1991tik hainbat artistarentzat, horietako batzuk Ken Zazpi, Gari, Anari edota Negu Gorriak bezain adierazgarriak. Honako liburu-disko hau Maiak alor honetan egin duen bidearen isla da. Haren kantu askoren hitzak jasotzen dira, baina, horrez gain, Maiak berak kantu horiekin lotutako istorioak kontatzen dizkigu. Diskoan, berriz, egileak kantu horietako batzuk bertsionatzen ditu, Pello Ramirezen celloa, Gorka Hermosaren soinu handia eta Nacho Sotoren pianoa lagun dituela. Emaitza benetan inpaktantea da. Kantak ezagutarazi zituzten hainbat egilek ere parte hartu dute Maiaren bertsioetan.
2021. urte bukaeran Jon Maiak ezuste ederra eman zigun Kantu bat gara disko/liburuarekin. Bertan bildu zituen 30 urtetan berak egindako kantak, Ken Zazpik, Garik, Negu Gorriakek eta puntako beste talde eta musikariek ezagun egin dituztenak. Kantu bat garan Maiak berak kantatu zituen, Pello Ramirezek (celloa), Gorka Hermosak (soinu handia) eta Nacho Sotok (pianoa) lagunduta. Ondoren, disko/liburuan oinarritutako bira arrakastatsua egin zuen. Kontzertuetan, tokian tokiko kolaboratzailez inguratu zen, eta ikus-entzuleekiko komunioa erabatekoa izan zen. Bada, Kantu bat garak segida izango du orain Kantu berri bat gararekin. Oraingoan, kanta propioak ez ezik bertsio batzuk ere sartu ditu Maiak. Gainera, Nerea Quincoces perkusionistak egin du hasierako bandarekin bat. Kolaborazioak ere egongo dira eta horietako bat sekulako ezustea izango da. Liburuari dagokionez, berriz, Maiak bere iruditeria errepasatu du testu batean, street-art-eko erreferente Baluren ilustrazioek edertuta.