beste zerbait ez da ohiko nobela bat: nobela mutante bat da, gorputza eta hizkuntza aldatzen saiatzen dena, desira kuir baten itsasargi. Protagonistak mutazio-gosez eta desiraz desplazatuta bizitzen eta idazten du; bizipen afektiboak, heziketa-esperientziak eta irakurketa feministak kiribilka doaz, hainbat ahots, forma eta tonuren bidez adierazita. Testuak lekukotasuna, hausnarketa kritikoa eta eszena narratibo gordinak tartekatzen ditu; espazio zartatu batetik idatzita dago: zakarra, sutsua, batzuetan hauskorra eta beste batzuetan amorruz betea. Ez da edukiaren aldetik kuir nobela bat bakarrik, narrazioaren dispositiboa bera da disidentea, eta euskara ez-bitar baten bidez idatzita dago, desira eta plazeretik abiatuta.