Soinujole berria dator aurtengo jaietarako hiru muinoek zaintzen duten auzunera: Pello. Harekin datoz behor gorria eta ahuntza. Behorraren gainean, erretratatzeko makina eta eskusoinua. Argindarra ere aurten iritsiko da Auzunera. Hiru laguntxo elkartu zaizkio Pello soinujoleari eta ahuntzari. Bost lagunak elkarrekin jolastuko dira uda eder batean.
Benetan gertatua da: anarkista batek eta apaiz batek antolatu zuten CNTk atxilotutako artzapezpiku bat askatzeko ekintza. Gerra denborako beste hainbat gertaera bitxi -benetako nahiz alegiazko- kateatu ditu egileak, film baterako ari balitz bezala, irakurlea ezusteko bihurgunetan barrena ekartzeko: Bilbotik Donostiara, atzeguardiatik lubakietara, komediatik dramara… Gerezi denbora nobela bizi-bizia da, Inazio Mujikaren irakurleak aurrenik harritu eta berehala txunditu egingo dituena. Ezpainetan irria uzten du; eta eztarrian, errea.
Hamaika ipuin agertuz doazkigu, terralaren saretu-ez saretu horretan, lurraren lurrunak emandako hitzen antzera. Lurra mintzo da Inazioren luman, eta lur horren mintzoa zeru irekian gal ez dadin terralak estaltzen du, eta oihartzun eginarazten dio, lur horretako zokorik ezkutuenak ere entzun dezan lurraren beraren antsia. Terrala lurraren gainean ixtean, lurraren zauriak eta odolak nabarmenago agertzen dira; alegia, ipuinen begiradak ez dira ortzemugaratuak, inguru-inguruan estekatuak baizik. Hori da ipuinen giroa; muinoetatik urrunera egindako begiraldiak kontatzen direnean, giro itxi horretatik kanpora ihes egin nahiaren ametsak-edo adierazten dira (itsasorako bidaiaren ametsa bezala); baina, azken batean, erroek lurrari loturik diraute (...) Grina, gaiztakeria eta zorigaiztorik ankerrenaren ondorioz gertatzen dira liburuan zehar heriotzak (...) Esango nuke haurraren begia dela liburu osoan kontatzaile nagusia, nahiz eta ipuin batzuetan bakarrik ageri nabarmen. J. K. Igerabide Atxagaren Obabakoak eta Sarrionandiaren Narrazioak liburuen alboan beste ipuin liburu bat jartzekotan, dudarik ez, Inazio Mujikaren Azukrea belazeetan da liburu hori.
Europako ipar aldeko herriren batetik dator Hans. Zain dago plazako arkupeetan bere igel lagunarekin. Atertu duenean, plazaren erdira irten eta biolina jotzen hasi da. Igelak laguntzen dio bere dantza eta gimnastikarekin. Jendea biltzen hasi zaio plazan jakin-minez. Hasieran, banaka batzuk; pixkanaka, baina gero eta gehiago. Biltzen eta biltzen ari dira, elkarren gainka, ezin kabituz…
Amonak ez daki zer diren dilistak, lentejak esaten du; ilbeltza deitzen dio urtarrilari; ondo zegoenean, eskribitu egiten zituen dendan erosi behar zituen gauzak paper-mutur batean, eta ulertu ez baina entenditu egiten zituen nire arazoak.Amonarekin abestu ezin da egin, baina kantatzea asko gustatzen zaio: batez ere, Bautista Basterretxe delako tipo baten abesti bat. Eta gaixo ikusten banau, inoiz ez dit galdetzen sukarrik dudan. Kalenturarik baduzu?, esaten dit. Eta baietz esaten badiot, kalentura altua dudala, orduan esaten dit:Lasai, ume, ez apuratu!, egun guztiak ez dira-eta berdinak.
KRITIKA SARIA (1995) Hamabost kontakizun labur bildu ditu Inazio Mujika Iraolak liburu honetan, denak ere elezahar tankeran tajututa. Hainbat benetako leku (Paris, Galizia, Lisboa, Silos, Euskal Herria) eta pertsonaia historiko (Mata-Hari, Picaud, Lizardi) eta alegiazko agertzen dira liburuan barrena. Artxibo, liburutegi eta abarretako hauts betierekoa harrotu eta gelditzen denaren kronika egin nahi izan digu autoreak, prosa zaindu eta atsegin batez.