Uste ustel batek zeharkatzen du Euskal Herria alderik alde: Jose Ignazio Ansorena musikari ospetsua eta Mirri pailazo are ezagunagoa pertsona bat direlako uste ustela, alegia. Egia da elkarrenganako lotura estua dutela euskal pertsonaia biok, baina hortik pertsona bat bera direla esatera koska handia dago. Siamesak ere ez dira Ansorena eta Mirri, siamesen arteko harremana eta dependentzia simetrikoa baita. Ansorena, Mirri gabe ere, nor litzateke gurean: idazle, pentsalari, txistulari, Piter. Hori bai, Mirri gabe ez litzateke den bezain Ansorena, Mirri ere badelako eusten dio Ansorenak Mirriri. Mirrirena beste kontu bat da, Ansorena gabe deus ere ez litzatekeelako Mirri. Hargatik gorrotatzen du Mirrik Ansorena -Anxorena esaten dio berak- maite duen indar ber-beraz. Zehaztasun eta ironia fin-finez, euskal pailazo antonomasikoen historia kontatzen digu Ansorenak liburu honetan, Kixki, Mixki eta Kaxkamelon zireneko garaian hasi eta gaur artekoa. Mirrik, berriz, bere iruzkin potolo gordinak tartekatu ditu han-hemenka, harira etorri zein ez. Euskal pailazo antonomasikoen historia dutelarik hari, belaunaldi eta garai baten kronika bikaina osatu dute Ansorenak eta Mirrik. Egin behar zena egiteko baldintza objektiborik ez bide zenean ere dena delako hori egiten ohitutako belaunaldi inkontziente, ausart eta kementsu baten kronika libertigarri bezain jakingarria.
Herri-kantak dira herri honen biziera eta sentieraren ispilurik onena. Eta euskaldunok, geure zorionerako, ehundaka, milaka, herri-kanta ditugu. Askotan, ez dakigu nork eginak diren. Ez dakigu letra zehatz-mehatz nola den, edo jakin arren zer esaten ari garen ez dakigula kantatzen ditugu. Ondo geureak dira halere! Jose Ignazio Ansorenak xehetze lan honi ekin dio. Kantak norenak diren, zuzen-zuzen nola, zer esan nahi duten, zergatik sortu ziren... azalduko digu labur eta argi. Gainera, orain artean ez bezala, abestiok gaiez gai banaturik aurkitu ahal izango dituzu, zer topatu nahi duzun, halako ataletara jotzea nahikoa duzula. Karaokea modan jartzen ari den garaiotan, batzuk bagara, zozo-zozo pantaila bati begiratu eta loro-loro han jarria errepikatze hutsarekin asetzen ez garenak. Badakit zenbat bazter miatu duen Ansorenak zabalkuntza-liburu gisan pentsaturiko hau zehaztasunez, datu bitxiz eta argibidez janzteko. Berak lanean gozatu duenaren erdia goza dezazuela zuen irakurketan. Horixe litzateke seinalerik onena.
Jose Ignazio Ansorenak baditu bi alderdi ezagun: musikalaria da, batetik; eta bestetik, bera da Mirri pailazo ezaguna. Bi alderdi horiek txertatu dizkio bere lehen ipuin honi: musikalariak, musika zentzua; eta pailazoak, samurtasuna. Gloria Fuertes poetari egiten zaio omenaldi ipuin honetan, Down sindromedun mutiko bat protagonista duela. Gauez eta hiriko parke batean, inork ikusten ez dituenean, Gloria Fuertes poetaren estatuaren ondoko elementuek itxuraldaketa izaten dute: eztabaidan eta kantari hasten dira. Parkera hainbat haur joaten da jolasera; eta horien artean, Peru, Down sindromedun mutiko aurreratua.