Munduan 6.000 hizkuntza inguru daudela diote adituek, eta gehienak betiko galduko direla mende hau amaitu baino lehen. Biodibertsitatea denok goratzen dugun garaian, gizadiaren kultur aniztasunari historia osoan egin zaion sarraskirik gordinena ari gara geure begien aurrean ikusten, boterearen axolagabezia osoaz, edo haren konplizitate ezinbestekoaz.Giza eskubideek gizon-emakume guztion berdintasun eta duintasuna aldarrikatzen badute ere, jatorrizko hiztun-herriak arroztuz doaz etengabe, eta prozesu hori ez da kasualitate hutsa, legearen zaindari diren estatuak eurak baitira etnozidio sistematiko honen arduradunak.Kontinente guztietako adibideak eta ehunka egileren aipuak bilduz, liburu jantzi eta aldi berean borrokalari honek xeheki aztertzen du estatu zanpatzaileek beren kultura eta hizkuntza nola inposatzen duten, horrek gizakiengan nahiz komunitateetan ze ondorio dituen, eta hizkuntza menperatuak biziberritzeko zer-nolako aukerak dauden.
Hedabideetako kalaka gogaikarriak euskal nazioaren muin-muineko auziak argitu ordez nahastu egiten dituelakoan, sasia garbitzeari ekin dio egileak, abertzaleen artean euskarak zer leku hartzen duen aztertzeko, batik bat. Ohiko ezker-eskuin edo epel-gori banaketen ordez, beste bat jotzen du Odriozolak funtsezkotzat. Bere itzetan esanda: sokaren mutur batekoak estatuaz eta burujabetasunaz mintzo zaizkigu liluraz gainezka, auzitan dagoen nazio-eredua, nazioaren izaera, batez ere nazio politikoa izan behar duela aldezteko. Beste muturrean tiraka dabiltzan euskaltzaleek, aldiz, nazioaren alde bakarreko definizio hori ez dute berretsi nahi inondik ere. Ez dute uste nazio politikoak gaurko testuinguru soziolinguistikoan eta kulturalean euskal nazio kulturala eta linguistikoa sortzeko berezko gaitasunik daukanik.