Anbulatorioko itxarongela lepo zegoen, gainezka. Beti bezala, goizeko zortzietan puntuan jarri zen martxan hormako kontagailu erraldoia. Tripoli doktorea eta Olga Tokarczukowa erizaina prest zeuden gaixoak artatzeko. Udaberria iritsi berria zen, ordea, eta Tripoli doktoreak nahikoa lan bazuen sudurreko zulotik irten zitzaion geranioarekin zer egin ez zekiela. Lehenengo gaixoak, gingiletatik mapamundi bana zintzilik zuela kontsultan sartu zen lorezainak, eman zion erremedioa.Jarraian, bata bestearen atzetik sartu ziren kontsultara ajerik xelebreenak jotako gaixoak: ezkontzeko adorea galdu zuen maitemindutako gaztea; gauez amets egindakoak ahazten zituen gizona; bizitza osoan gaixotu gabeko emakume adindua; gaiztakerietarako joera zuen lo ibiltaria; sabelean hiztun bat zuen gizasemea; gurpil-aulkitxoan sartu eta dantzan hasi zen elbarria... eta azkenik, Karl Linazasorr, beti norabide okerrean zebilen poeta.
Versus, Karlos Linazasoro Izagirre: 99 idazki, 99 gutun, 99 parabola, apotegma, aporia edo poema: estilo-ariketa sorta bat ondu du Karlos Linazasorok, naufrago bat asmatu sujet eta gaitzat, eta horren inguruko bariazioak sortu gero, doinu berberaren bihurritze, luzatze, luzitze eta adarjotzea balitz bezala. Asko dute testu hauek poesiatik, jolasetik, gogoetatik. Eta bertan, ezarian eta nahi ezta bezala, egileak hitz egiten digu bakardadeaz, eta oroiminaz, eta gauza konkretu eta abstraktuez, eta zeru-lurrez, eta itsaso-lehorrez, den eta ez den guztiaz eta ezerezaz.
Ipuin-liburu gogorra da. “Hik ez dakik zer den beldurra” da ipuin guztietan entzungo den melodia, leitmotiv-a, eta melodiak bere baitan biltzen dituen geruza-azalak inpaktu handikoak dira. Gaizkiari buruzko gogoeta gupidagabea. Handia da ipuinen tentsio psikologikoa, eta ez apalagoa irakurlearengan sortutako deserosotasuna. Irakurleari ezinegona sortzen dioten galderak eta hausnarketak egiten dira. Denok daramagula barruan munstro bat, denok garela min egiteko kapaz.Maisuki idatzitako lana da; nabarmentzekoa da prosaren poetikotasuna eta indarra. Laburtasuna eta zehaztasun errealista dira ipuin-liburuaren ezaugarri aipagarrienak. Aldi berean, poema gogoangarri baten haritik, jolasean bezala, munduratutako gaizkiaren lore-sorta ederra da liburua.