Manikeismoaren garaian, pertsonak eszenatokiaren hondoan integraturik bizi dira, itzal bilakatuak, eta bizi gabe bizitzera kondenaturik daude. Izotz edo harri izatera. Herritarrak graffiti politikoen barnean sartu dituzte, eta bertatik ateratzeko borroka egiten dute, hedabideen aurka, poliziaren aurka, bizilagunaren mespretzuzko begiradaren aurka. Lander Garrok herritar horiek hondotik atera eta bizidunen mundura itzuli ditu narrazio bilduma honetan, vasco hutsak baino zerbait gehiago garela ozenki aldarri eginez.
Pasa den mende hasierako aldizkaria dugu Argia. XX. hamarkadan hasi zen kaleratzen Donostiako astekari hau, Bittor Garitaonaindia eta Gregorio Mujikaren bultzadari esker. Egunkari itxurakoa zen, dotorea. Maiztasunez argitaratzen zen lehen argitalpena zenez, euskaltzaletasunean mugitzen ziren dendadunek eta enpresariek ez zuten aukera alferrik galdu, eta orrialde haietan egin zituzten bezeroak erakartzeko lehen saio xumeak; zortez batzuetan, zorterik gabe beste zenbaitetan, irudimenez eta freskotasunez sarritan. Nolanahi ere, gaur egungo euskarazko publizitatearen aitzindariak izan ziren. Liburu honetan lan horien lagin eder bat bildu da, nondik gatozen hobe ulertzea baliagarria baita nora goazen jakiteko.
Xabi Ugarte Bartzelonara doa, argazkilaritza ikasteko aitzakiaz Euskal Herriko errepresio-girotik aldentzeko asmoz (edo alderantziz). Ohe baten bila hasi beharko du, lagunen eta ezagunen etxeetan; hiri handiko kale eta txokoetara moldatzen joango da, Bartzelona bertako jendea nahiz han egokitutako euskaldunak ezagutzen, zinema-eskolan izena eman eta arlo horretan lehen pausoak ematen Bere familiak nozituriko zapalkuntzaren motxilak bizkar gainean jarraitzen du, ordea, bai Ugarteren gogoeta eta oroitzapenetan, bai poliziaren eguneroko jardueran ere: Xabiren anaia eta arreba ihes eginda daude, edozein unetan atxilotu ditzakete, eta bere inguruan ere txakurren itzal eta usain nahasezina sumatzen du.