XIX. mendea sartuxea da; modernitatearen zantzu batzuk han-hemen barrundatu arren, lur-lanari eta betiko ohiturei loturik bizi da jenderik gehiena. Gizarte tradizional hura goitik behera inarrosiko du, ordea, hilketa sorta batek. Hildakoak prostitutak izan diren bitartean axola handirik ez agintariei zein legea zintzo betetzen duten kristau prestuei; halako batean, baina, emakume ondraduak akabatzen hasi dira, etxekoandre kabalak nahiz neskatila gazteak. Lautadako paisaiaren soiltasunaz eta negu mineko hoztasunaz kontatu ditu Xabier Montoiak kondaira bihurturiko gertakariok, istorioaren laztura agerian uzten duen idazkera doi, zehatz eta ia-ia lehorrez. Krimen beldurgarrion atzean dagoen hatsa sentitzeraino, giza arimaren barrunbeetan datzan amildegiaren ertzean.
Zenbateraino markatzen dituen halabeharrak gure bizitzak. Horixe Xabier Montoiaren ipuin liburu berria gurutzatzen duten galderetako bat. Gaztetxo bat lehen aldiz maiteminduko da, izeba-osaben etxean ama noiz etorriko zain dagoela; harriek sufritzen ote duten galdetuko dio bere buruari Geologia ikasle batek ezbehar baten ostean; barruko zaratari aurre egin nahi dion emakume batek eguzkia gurtzen duen komunitate batean bilatuko du bakea; harreman gatazkatsua hasiko du dealer batek kirurgia estetikoaren erregina batekin; lagun talde batek mendeku hartu nahiko du jasandakoagatik, baina ondorioek gainezka egingo diete... Bi ahots irakurriko ditugu liburu honetan: hainbat kolpe bizi izan dituzten bi emakume dira, behin baino gehiagotan zerotik hasi behar izan dutenak, aukera hobe baten bila. Baina taxiak ez dira inoiz gelditzen, are gutxiago galtzen ere traketsak direnentzat. Eta geldituz gero ere, batek daki zer ekarriko duten berekin.
Langile borroka, sabotajeak, lapurretak, drogak, negozioak, hilketak, adiskidantza, amodio harremanak dira Xabier Montoiaren zortzigarren nobelako adarrak.Iturri tabernan topo egiten dute aldian behin Oihane filosofo gazteak, Biteri tabernariak, Gloria alargunak eta Goietxe ugazabak. Ez dira laurak elkarren lagunak, baina denok ere iragan bat badugunez, pixkanaka elkarren berri izaten hasiko dira.Hildakoak ez dira gutaz sekula ahazten, horrela mintzo da haietako bat: lagunik onenak ditugu, hutsik edo traiziorik egingo ez digutenak. Hildakoak ez dira isiltzen, kalaka aritzen zaizkigu.Kontakizun durduzagarri honetako protagonistak memoriaren menpe bizi dira neurri handi batean, oinaze lauso batek inguratzen ditu etengabe. Iraganeko mamuek ez diete bakerik ematen, kontu eske etorri izan balitzaizkie bezala. Posible balitz, noizbait akabatu egin behar lituzkete beren hilak.
Inazio Osa lehen Esnaola, 43 urteko donostiarra, etxe oneko seme bakarra, amak mimatua bezain aitak gaitzetsia, emazte ohiak mespretxatua eta alabatxoak maitatua, lagunek pailazotzat hartua, ludopata, politoxikomanoa eta pornoadiktoa. Amaren hileta-elizkizunean hasten da kontakizuna, Artzain Onaren katedralean, eta bere bizitzako sustengu bakarrenetakoa galtzean dena hondamendia dela sentituko du Inaziok, baina laster ikasiko du oker dagoela oso, deskalabrurik handienean ere beti baita posible zuloan beherago erortzea, are eta zoritxar handiagoak etortzea. Prosa zorrotz bezain neurtuaz idatzi du Xabier Montoiak eleberri sendo eta biribil hau, eta idazkera doi horren bidez jarraituko ditugu protagonista malapartatuaren ibilerak, bere sorterrian hasi eta patu makurrak eramaten duen lekuraino. Ez kontzesiorik, ez gupidarik, ez itxaropenik: non topatuko du Osak irrikaturiko bakea?
Hondamendia du izena Xabier Montoiaren ipuin-liburu berriak, eta izenburuko horixe da, hain zuzen, bilduma osatzen duten istorio guztiak biltzen dituen sentipena: txikizioa eta gainbehera. Bi parte nagusitan dago zatituta: lehenengoan, planetaren historian zehar, une eta leku jakinetan gertaturiko deskalabruak kontatzen zaizkigu: Adam eta Eva Paradisuko baratzetik egotzi ostekoa, Erdi Aroko izurriak, XX. mendeko totalitarismoek ekarritako zoritxarrak, lehergailu atomikoaren ingurukoak... Bigarren partean, berriz, gaur egun edo etorkizun hurbil batean kokaturiko hondamentak agertzen zaizkigu, leku nahiz giro desberdinetan, era askotako pertsonaiak eta kontamoduak erabiliz, egileak ohi duen asmamen, finezia eta zorroztasunez.
Hamar ipuin batzen dituen liburu hau ez da berez bilduma tematiko bat, Xabier Montoiak hainbat gai, garai eta lekutan girotu dituen istorioak baizik: Jaurlaritzan sartu berri den emakume batek bizkartzainarekin izandako gorabeherak, futbol profesionalean arrakasta izatearekin amets egiten duten gazte batzuen historia, biak langabezian geratzen diren bikote gazte batek etxea ez galtzeko asmatu behardituen komeriak, etxeko abusu sexual zahar batek oroimenean utzitako zauriak, Tennessee-n barrena musikari ezezagun baten bila egindako txangoa, egungo Uzbekistango kontzentrazio-esparru bateko izugarrikeriak...Kontagai eta kontamoduen aniztasunaren azpian, egileak ohi duen begirada zorrotza eta idazkera doia nabarmentzen dira, gozotik baino gehiago garratzetik daukaten ipuinotan; betiko galtzaileen samina, irabazle ustekoen porrota, ilusioen zaputza, harremanen endekatzea, gorputzaren morrontzak, denboraren miseriak elementu horiek osatzen dute, une eta gune jakin baten erretratua ez ezik, baita gizonemakumezenbaiten erradiografia ere.