«O!» testurik liburu bat da, Haur eta Gazte Literaturako adituek
erreferentzia-lantzat hartua. Esanahi bikoitzarekin jostatzen da,
igarkizun bisualekin, eta, Magrittek bezala, argi erakusten
digu pipa bat ez dela beti pipa bat”. Ez da sarrera, korapiloa
eta amaiera dituen istorio bat. Haren orrialdeek irudi
independenteak erakusten dizkigute, nahiz eta baduten
elkarren arteko segida bat, kate modura egina.
Orrialdeak zabaldu egiten dira, eta, horrela, lehenbiziko orrialdeak
irudi bat osatzen du bigarren orrialdearekin; baina bigarrena
irekitzean, beste irudi bat sortzen da, desberdina. Horrela, ikusten
denaren eta ezkutuan dagoenaren arteko jolas bat sortzen da;
gauza bat zerbait dela iruditu baina beste gauza bat bihurtzen da.
Irudimenez beteriko planteamendu harrigarri honi irudi bilduma
bat gehitzen zaio: irudiak lauak dira, deskribatzaileak,
umeek aise ulertzeko modukoak.
Adin guztietarako liburua da, baina bereziki erakargarria
da oraindik ere irakurtzen ez dakiten umeentzat eta juxtutik
hasiak direnentzat, narrazio ariketa librea egin baitezakegu
txikiak orrialde bakoitzaren atzean zer ezkutatzen
den asmatzen saiatzen diren bitartean.
Zoragarria da emaitza: haurrek irudiak identifikatzen dituzte,
harritzen dira, txunditurik gelditzen dira ezkutuan dagoena
ikustean (horregatik du halako izenburua), narrazioaren irakurketa
bisualaren irudi-katea ikasten dute, eta, bidenabar,
irudimena lantzen dute.