Bidegorriak hizkuntzentzat liburuak euskarak prentsa abertzale elebidun garaikidean daukan presentzia du ikergai. Abiaburuko hipotesia da: prentsa abertzale elebiduna aho biko ezpata da euskararentzat, batetik haren gutxieneko presentzia bermatzen badu ere, bestetik garapen kuantitatiboa mugatu eta kualitatiboki bere barne-ahalak taxuz garatzea eragozten diolako. Liburu honen oinarria Aitor Zuberogoitiaren doktorego-tesia da, Txema Ramírez de la Piscinak zuzendua eta “Euskararen presentzia gaur egungo prentsa elebidun abertzalean: Egin, Deia, Enbata, Ekaitza, Gara eta Le Journal du Pays Basque kazeten ikerketa eta euskara hutsezko komunikazio-esparru autozentratua trinkotzeko proposamena” izenburuaz aurkeztua cum laude kalifikazioa lortu zuena.
Ahotsak eta mintzabideak itxuragabe ugaritu -eta ugaritzen- dira, itxura batean, informazioarena omen den gizarte honetan. Orotariko mintzabideen bidez mintzo zaizkigun orotariko ahots horiek gehienak, ordea, Diskurtso Bakarra osatzen dute, nota bakarreko polifonia sasikoan. Ideologien eta Historiaren beraren akabera aldarrikatzen digu, adibidez, Diskurtso Bakar horrek, bere buruaz liluratutako orainaldi zoriontsu batean kokaturik. Arretaz entzun eta irakurriz gero, ordea, Diskurtso Bakarraren lerroarteetan bertan atzeman daitezke orainaldi eternal horren kontraesanak, eta orainaldi birtual zoriontsu honen miseriak, eta zoriontasun sasiko horretan lekurik ez duten miserableen ahots isilaraziak: Seattle, Berlin, Praga, Miarritz Aitor Zuberogoitiak, arreta Diskurtsoaren lerroarteetara emanik, Diskurtso Bakarrak betiko isilarazi nahi lituzkeen ahots horiei eman die ahotsa. Chinook-jendea harturik ahotsgabeko guztien metaforatzat.