JOSEBA AZKARRAGA ETXAGIBEL (Abadiño, 1972). Soziologian doktorea da. Gaurko gizarte aldaketei buruzko eskolak ematen ditu Mondragon Unibertsitatean, eta ikerkuntzan dihardu LANKI ikertegian (bertan, gizarte autoeratuagoa dute ipar). UEUko eta Eusko Ikaskuntzako kidea da. Hainbat saiakera liburu idatzi ditu, tartean: Berandu baino lehen (2009). Zenbait herri mugimendutan ibilitakoa da, eta egun Bagara egitasmoarekin kolaboratzen du.
Recibe novedades de JOSEBA AZKARRAGA directamente en tu email
Euskal Herriko kaleetan dugu eztabaida: Galdu ote du Arrasateko kooperatibismo globalizatuak bere arima? Arrazoi ekonomikoaren eta pentsamendu bakarraren biktima izan ote da? Ba ote du gaur enpresa eta gizartea eraldatzeko asmorik? Edo bere burua haztea beste helbururik ez duen egitasmo iparrik gabea ote? Bultzada etikoa eta izaera bihoztuna abandonatu ote ditu arrakastaren etorbidearen kale-kantoiren batean?
Azkarragak XXI. mende hasierako bizitzari erretratuak atera dizkio liburu honetan. Gizartean gertatzen ari diren aldaketei usnan ari zaigu. Ikuspegi zabala eskaintzen digu, hainbat baitira begipean hartu dituen gizarte arloak: krisi ekologikoa; depresioa eta bere kausa sozialak; euskal subiranismoa; gay kultura; Mendebaldearen garapen eredua; ego indibidualaren inflazioa; euskal gatazka; maitasuna eta gaurko harreman afektiboak; gorputzari diogun lilura; emakumeen mendekotasuna; pobrezia; korporazio globalak; espainiartasuna; familia eta umeen hazkuntza; identitate kontsumistak; krisi energetikoa; edo patologia psikiko berriak. Zooma orain zabalduz orain estutuz, gizarte-analisiaren zorroztasuna eguneroko bizitzarekin txirikordatu du, anekdota eta pasadizo esanguratsuekin, kolorez zipriztinduz erretratu bakoitza. Jon Sarasuak hitzaurrean dioen legez, psikologiaren bariazioekin jotzen du doinu soziologikoa. Gehienetan tonu kritikoa darabil, eta pistak eskaini nahi ditu bizi gaituen mundua ulertzeko, astintzeko, baita eraldatzeko ere
Krisi ekonomikoa bizi dugula esatea zuhaitzari erreparatzea bezalakoxea da, basoaren zabala bistatik galduta. Zooma zabalduz gero, zibilizazio krisia da gurea, eremu ugari baitaude arnasestuka: ekonomia, energia, klima, ekosistemak, gizartea, elikagaiak, kultura, hizkuntzak eta alderdi psikiko-espirituala bera. Gaurko garapen-ereduak ezin dio ganoraz aurre egin berak sorturiko krisi askotarikoari. Hasi gara aldi historiko berrian sartzen: zibilizazio moderno-industrialaren beheraldian. Hazkunde-osteko garaian, alegia. Zalantza da beheraldi hori nola antolatuko den, izango ote den bide ordenatua, emankorra eta oparoa, edo desordenatua, kaotikoa eta hondagarria. Euskal Herrian ez dugu ireki espazio mental gehiegirik XXI. mendeko debaterik inportanteenerako, horren baitan egongo bada ere gure etorkizuna. Auzi hori ekarri behar genuke ezbai publikoaren arteria zentralera, eta herri gisa eraiki erantzuna. Itxura guztien arabera guztion bizitza beste nonbait garatuko baita, uste baino ezberdinagoa izango den aterpean.