Bere bigarren poema-liburua kaleratu du Martin Etxeberriak: Bizikleta bat egingo dut zure izenarekin; gaien artean egunerokotasuna eta maitasusna bezalakoak agertzen ditu, gertukoenera begira beti, arazo handietarako ezintasuna edo axolagabezia balu bezala: nahiago objektu hurbilak eta konkretuak, sentimendu ia primarioak. Formaren aldetik, berriz, xinpletasunaren alde egin du poetak: poema narratiboak dira oro har, naif samarrak ere bai, haiku itxurakoren bat, baina soiltasuna nabarmentzen da beste ezeren gainetik, biluztasun horren bila zebilelako edo Opoetikotzat" jo ohi dugun hizkeratik ihesi balebil bezala.
Martin Etxeberriak ia 20 urte daramatza poema liburuak kaleratzen, batetik bestera sei bat urteko tartea utziz, eta oraintxe aurkezten duen "Winston" da azkena. Poeta heldu eta ofiziodunaren aztarnak ikus litezke lan berri honetan, baina baita egilearengan ohikoak diren ezaugarriak ere: freskotasuna eta harridura sortzeko gaitasuna, besteak beste.Egunerokotasuna da Etxeberriaren poesiaren lehengaietako bat, baina kostunbrismotik ihesi, irauli egiten du errealitate hori. Surrealismo neurtu bat da beste oinarri bat, irudimena dantzan jartzen duena. Eta horiekin batera erotismoa, erreferentzia kulturalak, umorea… bizitzaren alderdi askotarikoak, begirada jolasti, zintzo eta zorrotz baten iragazkitik pasata.
Teoria poetikoak hala eskatzen duelako soilik bere begirada eguneroko gai eta objektuetara behartzen duen poetak, bi arrisku ditu: debaldekeria eta espantukeria. Debaldeko espantukeria izaten da, sarritan, egunerokotasunaren poesia aldarrikatzen dutenen proposamen poetikoa. Martin Etxeberriak, aldiz, ez du deus aldarrikatzen. Begirada eguneroko gauzetan pausatzen badu, ez da berak horretara behartu duelako, berez doakiolako baizik. Emaitza, alde guztietatik freskura darion poesia-jostakin gustagarria da.