Mikel Goikoetxea, Goiko ezizenaz ezagunagoa, hilketa-ikerlari hoberenetako bat izan zen garai batean, baina ikerlari gisa lan eginez ateratzen du bizimodua Ertzaintzan lan-baimena eskatzera behartu zutenetik, halako batean, pederasta-sare bateko kidea izateko salaketa faltsu baten ondorioz, lana, fama eta emaztea galdu baitzituen. Goikoetxea gizartean bazterturik dago, eta lankide-ohi batzuek besterik ez diote laguntzen noizean behin bezeroak bidaliz. Hala, egun batean Bilboko notario ezagun bat agertzen zaio Goikori bulegoan bere emaztearen heriotza iker dezala eskatuz, erail egin dutelako susmoa baitu.Goikoetxeak hasieran notarioari askorik sinesten ez badio ere, laster ikusiko du emakumearen heriotza tragikoaren atzean sare arriskutsu bat ezkutatzen dela, nobelako orri jakingarrietan agertuz joango dena.
Ez dakit oso ondo noiz izan zen, baina kontuak aterata hirurogeita hamaikan edo hamabian izan behar zuen. Bidaia luze bat egin ondoren, goizeko ordu txikietan ailegatu nintzen herrira, eta, ohiko nuen bezala, gure auzo zaharrean aurkitu nuen autoa uzteko lekua. Garai haietan eta auzo hartan ez zen zaila izaten.Oinez etxerantz nindoala, jaiotetxe aurretik pasatu nintzenean, uste baino beranduago zela konturatu nintzen, eta uste baino nekatuago nengoela ere bai. Eguneko neke guztiak batera pilatu zitzaizkidan. Ohea amets nuela, eta goizaldeko isiltasuna lagun, sinetsi ezinezko ikuskizuna gertatu zitzaidan bidean.Galeper koxkortu bat ari zen errepidea gurutzatzen, atzetik dozena erdi bat galeper kume zituela. Ez zuten soinurik egiten, ez berezko poxpolin, poxpolin kanturik abesten, ezta beldurrezko txio txikienik ere ateratzen. Isiltasun osoan, errenkada hautsi gabe, marra zuzenean bidea gurutzatu eta bide alboko ate zahar baten barren urratutik sartu ziren paretaz harantzagoko baratze batera.
1987an gaude. Beldurrak hartua duen Marokon, Rabat eta Sale hirien arteko errepidetik, Hasan II.a erregea igarotzekoa da. Jendetzaren erdian, bi adiskide, Omar pobrea eta Khalid aberatsa, zain daude. Hain zuzen ere aberatsa hautatua izan da monarkari eskuan muin eman diezaion. Eta, bestea, jeloskor. Gizarte mailen arteko guda hasia da. Eta oihanean amaituko da, odoletan.